Maitatua sobera, nintzelarik haurra,
ez nakien nik zer zen amaren beharra;
bortu batean orai naiz bakar bakarra,
amaz oroit orduko heldu zaut nigarra!
Hegalñoak azkartzen sendituz geroztik,
baitoazi xoriak ohantze gozotik;
halaber joan ninduzun amaren altzotik.
Ahantzia bainute herrian engoitik!
Bainan ama gaixoak ez un ez ahantzi,
maiz daut Eskual Herritik igortzen goraintzi;
hautsi nion bihotza nuenean utzi,
neretzat baizik ez da halere han bizi.
Nik ere bero daukat bihotzean garra:
jinkoak piztu zauntan eskualdun pindarra,
ama baitut oraino minetan indarra,
ama, gau ilunean argidun izarra !!!
Ene bortu gainetan baniz eneatzen,
gaizkirat balinbazaut bihotza lerratzen,
zure begi garbiez ama naiz oroitzen
eta lanari gero kuraiekin lotzen!
Oi! Maiz ametsetarik izan dut gogoan
goxoki nindagola lehen ohakoan;
angeruer begira, ganbara xokoan,
eta, zu, hantxet irriz ama ner'ondoan!
Frangotan huts ohiez oroitzen ere niz...
Ama! Gazte denbora berriz haste balitz?
Nigar eginarazi dautzut anitz aldiz,
nigarrak niri zauzkit jauzten orai bortitz.
Aspaldi du naizela sor-etxetik joana,
hamargarren urtea hurbil iragana;
noiz ote naiz hemendik jinen zure gana,
ama, saristatzera zor dautzutan lana?
Untziak noiz un berriz horrat eremanen?
Etxerako bidexka noiz dut nik iganen,
eta zutarik, ama, musu bat ukanen?
Oi! Ba, laster dautazu agian emanen!!!
Aho batek eztiki diolarik: ama!
Hitz goxo bakar horrek mundu bat derama.
Ama baino hoberik zer ditake asma?
Horren maitatzen beraz gaiten oro tema!