Hormatxoriak negu gorrian
ez du atsegin elurra,
zerua goibel, kabia hotza,
ta janari gabe lurra.
Ai maite nere bihotzak duen
zure hotzaren bildurra!
Biontzat kabi bat berotzeko
bilduko nuke egurra.
Anttoni, Anttoni!
zure atean nago ni.
Ai Antton! Ai Antton!
ate ondoan hor konpon.
Enarak ez du behin egindako
kabirik inoiz aldatzen
urtero beti kabi haretan
umeak ditu bazkatzen.
Baina zu, Antton, enara txarra
zaitut neretzat bilatzen:
jai bakoitzean neska berria
ikusten zaitut maitatzen.
Anttoni, Anttoni! ...
Enarak ere, bere kabia
galduta badu ikusten,
biderik gabe, haruntz ta honuntz
kabitik du alde egiten.
Egarri dagon nere bihotza,
zuk eman ezik edaten,
berriro ere ibiliko da
gogorik gabe nunbaiten.
Anttoni, Anttoni! ...
Zure bihotza egarri dala
esan didazu bertsotan:
neronek ere ikasia det
arrazoi dezula hortan.
Zu beti zabiltz edari bila,
ikusi zaitut askotan;
baina neurriz gain, egarri hori
itotzen dezu ardotan.
Anttoni, Anttoni,
kalabazazale ez naiz ni!
Ai Antton! Ai Antton!
Haize preskuari gabon!