Mila bederatziehun ta
lehenengo urtean
maiatzaren hamalau
garren egunian
Orioko herriko
barraren aurrian,
balia agertu zan
beatzik aldian.
Handia bazan ere
azkar ibilian,
bueltaka han zebilen
joan da etorrian,
hondarra harrotuaz
murgil igarian,
zorriak zeuzkan eta
haiek bota nahian.
Ikusi zutenian
hala zebilela
beriala joan ziran
traineruen bila,
arpoi ta dinamitak
eta soka bila,
aguro ekartzeko
ez zan jende hila.
Bost traineru joan ziran
patroi banarekin.
mutil bizkor bikain
guztiz onarekin,
Manuel Olaizola
eta Loidirekin,
Uranga, Atxaga ta
Manterolarekin.
Baliak egindako
salto ta marruak
ziran izugarri ta
ikaratzekuak,
atzera egin gabe
hango arriskuak
arpoiakin hil zuten
han ziran hangoak.
Bost txalupa jiran da
erdian balia
gizonak egin zuten
bai nahiko pelia,
ikusi zutenian
hil edo itoa
legorretikan ba zan
biba ta txaloa.
Hamabi metro luze
gerria hamar lodi
buztan pala lau zabal
albuetan pala bi,
ezpainetan bizarrak
beste ilara bi
orraziak bezela
hain zeuzkan ederki!
Gorputzez zan mila ta
berrehun arrua,
beste berrehun mingain
ta tripa barruak,
gutxi janez etzeon
batere galdua,
tinako sei pezetan
izan zan saldua.
Gertatua jarri det
egiaren alde,
hau horrela ez ba da
jendiari galde
bihotzez pozturikan
atsegintsu gaude,
gora oriotarrak
esan bildur gabe.