Euskalpizkundea
XABIER LIZARDI
(Errezitatua)
Gau luzea gau latza
gau izar gabea,
nekez gendun ikusi
haren azkentzea.
Gauerdian hil zaigu
amona gurea,
esku gogortuetan
dauka gurutzea.
Gure sukalde zaharra
etxe pizgarria,
bart lagunarte goxo
gaur bakar gorria,
lehen epela jario
orain hotz larria.
Amonaren batez
dezu utzi bizia.
Amonaren aulkia
hago sutondoan.
Haren ipuinik al dek
hik jaso gogoan?
Hik ez? Laratzak? Ezta...
Ez uste gozoan
geunden ta gure poza
betiko da joan.
(Errezitatu)
Orduan belaunikatu
nintzen hauts gainera.
Hark gordetako sua
zu ere hil ote zera?
Hautsa pitinka urratu
nuan, beldur bera.
Sua bizirik dago
galduak ez gera.
Geroztik ari nauzu
hauts zaharrak astintzen.
Aiton-amon guztien
ipuinak jasotzen.
Herriaren pitxiak
magalean biltzen,
ez baita hil gure herria
zutitu gaitezen.
Hil ez da eta ezta hilko
guk ez badugu nahi.
Bizi irrikaz zegoen
gure maitasun zai.
Haren susper beharrez
goazen nora nahi.
Pizkor urra ditzagun
malkar eta zelai.
Egizute nerekin
aberri-bidea.
Bildu dezagun nun nahi
asaben lorea.
Ta gaur danik goritu
gure sukaldea.
Ni nor naizen? Asmatu!
Euskal pizkundea!