Ezkongaietan zerbait banintzan,
ezkondu eta ezer ez;
ederzalea banintzan ere
aspertu nintzan ederrez
nere gustua egin nuen ta
orain bizi naiz dolorez.
Nere andrea andre ederra zan
ezkondu nintzan orduan
mudatuko zan esperantzarik
ere, batere ez nuan;
surik batere baldin badago
maiz dago haren onduan.
Zokoak zikin, tximak jario,
haurra zintzilik besoan;
adabakia desegokia
gona zarraren zuloan;
hiru txikiko botila handia
dauka berekin alboan.
Nire andrea alperra dago,
ez da munduan bakarrik;
gauza gozoen zalea da ta
ez du egin nahi beharrik;
sekulan ere ez da ondo izango
halakoaren senarrik.
Larunbatetik larunbatera
garbitzen ditu zatar bi,
bere haiexek berotutzeko
erretzen egur zama bi;
belaun bietan bana hartuta
ez da ixiltzen kantari.
Nire andrea goiz jaikitzen da
festara behar denean;
buruko mina egiten zaio
hasi baino lehen lanean.
Zurekin zer gertatu behar zen
nik bildurrikan ez nuan.