Gaur forjariak lana utzirik,
gatoz guztiok kalera,
labeak oso itzaldu eta
protesta bat egitera.
Mailu burdinak bota ditugu
hantxe bertan bazterrera
Ez dugu nahi berriro ere
toki hartara lanera.
Dinbili danba! Gau eta goiza
su eta keen artean
sosegu eta deskantsu gabe
geure buruen kaltean,
horrexegatik lanak utzirik
gatoz guztiok batean.
Gora, bai gora beti, gora forjaria
langile trebe zintzo ta mailukaria.
Lurpera, bai lurpera beti nagusia!
ez digute egingo nahi duten guztia.
Ez badigu ematen arrazoia guri,
ez badigu ematen behar legez ongi,
su emango diogu gure fabrikari
eta nagusiaren etxe guztiari.
Hiru babarrun jateagatik
horrenbeste neke, pena
erdi ustelik aurkitzen dute
Forjariaren barrena
gure kontura egiten dute
nagusiek nahi dutena
gure lepotik gizentzen dute
bere fabrikara dena.
Oso goizetik lanean hasi
su eta keen artean
dinbili danba! Gelditu gabe
guztiz ilundu artean,
arropa denak puskatzen eta
osasunaren kaltean.
Ez badigute guri jornalik handitzen
berriro gu ez gara lanera bihurtzen
Arrazoiz gehiago badugu eskatzen
ez gaituzte inola horiek ikaratzen.
Ez badigu ematen arrazoia guri,
ez badigu ematen behar legez ongi
su emango diogu gure fabrikari
eta nagusiaren etxe guztiari.