Berriro itzuliko balitz
iragan denbora arrotza
berdin kontsumi nezake
bainila gozo artean,
itsaso urrun batetan
irudimena galdurik
udaberriko euritan
arrosak pizten ikusiz.
Osaba komertzianterik
ez nuen izan Habanan,
pianorik ez zegoen
bizi nintzen etxe hartan,
neskatxen puntilla finak
udako arratsaldetan,
errosario santua
neguko gela hotzetan.
Ezpainek gordetzen dute
ezpain bustien gustoa
desiozko hotzikarak
etsipenaren tamalez,
gauak zelatan dakusa
kontzientzia biluzik
badoaz ordu geldiak
gogorapenen hegalez.
Jaio ginen, bizi gera
ez dugu ezer eskatzen
itsasontzia astiro
kaiatik ari da urruntzen,
Antillak zintzilik daude
argazkien paretetan
karta bat idatziko dut
norbaitek erantzun dezan.