Ikusten duzu goizean,
Argia hasten denean,
Menditto baten gainean,
Etxe ttipitto aintzin xuri bat,
Lau haitz handiren erdian,
Xakur xuri bat atean,
Iturrino bat aldean:
Han bizi naiz ni bakean
Nahiz ez den gaztelua,
Maite dut nik sor-lekua,
Aiten aitek hautatua.
Etxetik kanpo zait iduritzen
Nonbait naizela galdua,
Nola han bainaiz sortua,
Han utziko dut mundua,
Galtzen ez badut zentzua.
Etxean ditut nereak,
Akilo, haitzur, goldeak;
Uztarri eta hedeak;
Jazko bihiez, ditut oraino
Zoko guziak beteak:
Nola iragan urteak
Emaiten badu bertzeak
Ez gaitu hilen goseak.
Landako hirur behiak,
Esnez hanpatu ditiak,
Ahatxe eta ergiak,
Bi idi handi, kopeta zuri,
Bizkar beltz, adar handiak,
Zikiro, bildots guriak,
Ahuntzak eta ardiak,
Nereak dire guziak.
Ez da munduan gizonik,
Erregerik, ez printzerik,
Ni bezain urosa denik;
Badut andrea, badut semea,
Badut alaba ere nik;
Osasun ona batetik,
Ontasun aski bertzetik;
Zer behar dut gehiagorik ?
Goizean hasiz lanean,
Arratsa heldu denean,
Nagusi naiz mahainean;
Giristino bat ona dut hartu:
nik emaztea hartzean;
Ez du mehe egunean
Sartuko uste gabean
Xingar hezurrik eltzean.
Piarres nere semea,
Nahiz oraino gaztea,
Da mutiko bat ernea;
Goizean goizik basken erdira
Badarama artaldea;
Segituz ene bidea,
Nola baitu egitea,
Ez du galduko etxea.
Ene alaba Kattalin,
Bere hameka urtekin,
Ongi doha amarekin;
Begiak du, amak bezala,
Zeru sola bezain urdin;
Uste dut denborarekin,
Oraiko itxurarekin,
Andre on bat dion egin.
Ez dugu behar lurrean,
Ongi bizirik etxean,
Utziz lagun gosean;
Ez du beharrak sekulan jotzen
Gure etxeko atean,
Non ez duen mahainean,
Otruntza ordu denean.
Leku bat gure artean.
Ene andrea Maria,
Ez da andre bat handia
Bainan andre bat garbia;
Musu batentzat badut etxean
Nik behar dudan guzia:
Gald'egiten dut grazia,
Dudan bezala hasia,
Akabatzeko bizia.