1.- Zazpi mendeko gauean gaude.
Gure lore eta sasi,
irrintzi, oihu, ele eta ulu,
marmario eta garrasi,
haize enbata, brisa, galerna,
gaur garbi, bihar nahasi,
xake taularen zuri beltzetan
arrats gozo egun gazi.
Ai itsasorik ez bageneuka
zeri so negarrez hasi.
2.- Gure zuhaitza landatu dugu
amildegi muturrean,
adarrak dauzka ertzetik haruntz;
sustraiak, berriz, lurrean,
bihotz hesteak estu helduaz
esku baten ahurrean.
Bertso berriak jartzera noa
bere indar laburrean,
nola malko bat isuritzen den
itsasoaren aurrean.
3.- Nola haizea, ur azalean
Eguzkiaren irteran.
Nola kaioak zorabioan
Itsas enbata bezperan.
Pentsatzen nago gure ere berdin
Ibiltzen ez ote garan
Susmoa daukat gure, patoa
Itsasoa ez ote den.
Libre ta zabal dugu aurrean
Baina ezin dugu edan.
4.- Heldu herria sustraietatik,
tira eta gora jaso.
Jarri kantauri aurrean eta
mantendu zutik hari so.
Ispilu hortan ikus gaitezen
herriz herri, auzoz auzo.
Zauriak gatzez itxi ditzagun,
malkoak urez eraso.
Libre ta zabal irla txiki
salbatuko da akaso.
5.- Azken arnasa eman nahi nuke,
eguna hiltzen ari da.
Azken arnasa eman nahi nuke,
bertsoak entzuten dira.
Azken arnasa eman nahi nuke,
kantari nator herrira.
Azken arnasa ematen degu
eguzkitik eguzkira.
Azken arnasa eman nahi nuke,
itsasoari begira.