Gitarra zahartxo bat da
neretzat laguna,
honela ibiltzen da
artista euskalduna:
egun batean pobre,
beste batez jauna,
kantari pasatzen det
nik beti eguna.
Nahiz dela Italia,
orobat Frantzia,
bietan bilatu det
anitz malezia.
Ikusten badet ere
nik mundu guztia
beti maitatuko det
Euskalerria.
Jaunak ematen badit
neri osasuna
izango det oraindik
andregai bat ona.
Hemen badet frantsesa
interesa duna,
baina nik nahiago det
hutsik euskalduna.
Agur Euskalerria,
baina ez betiko;
bost edo sei urtetan
ez det ikusiko.
Jaunari eskatzen diot
grazia emateko
nere lur maite hontan
hezurrak uzteko.