Bertsuak nahi ditut orain atera,
isilik banindago banuke pena,
baina neke da!
kriolinez besterik solasik ez da,
hauxe da besta
satanek etzezaken hobeki pentsa.
Hamalau berga oihal ez da itsusi,
kriolina batentzat ez dela aski,
ez gaituk gaizki;
moda berri lehenik nork du ikasi,
egiten hasi,
paga nezake ongi nor den banaki.
Batzuek aise eta, bertzeak nekez,
bazterrak bete dire, bai, kriolinez
gauza ederrez!
kupela bezain zabal dire beherez,
konkorrak gainez!
gorde behar litaizke jenden ahalgez.
Iragan egun batez, zen komedia,
plaza baten gainian ikusgarria,
hango irria,
andre bat zen karrosan joan nahia,
ezin abia!
karrosan etziron sar gibel aldia.
Postil ilunak kaskoina, juramentuka,
kriolinari aizen beti pusaka,
oi zer dun anka:
plazerak hautsi nadin zalapartaka,
kopeta joka
karrosan ez zitaike hola enbarka.
Lehen mintzatzen ginen gu alkarrekin,
artoz ezin asea zela gurekin,
bazen zer egin,
orai andreak denak kriolinekin
alabak berdin!
nola hari zaizkigun nork diro jakin.