1.- Mendian gora haritza,
ahuntzak haitzean dabiltza,
itsasoaren arimak dakar
ur gainean bitsa.
Kantatu nahi dut bizitza
usteltzen ez bazait hitza,
mundua dantzan jarriko nuke
Jainkoa banintza. (bis)
2.- Euskal Herriko tristura,
soineko beltzen joskura
txori negartiz bete da eta
umorez hustu da.
Emaidazue freskura
ura eskutik eskura
izarren salda urdina edanda
bizi naiz gustura. (bis)
3.- Euskal Herriko poeta
kanposantuko tronpeta
hil kanpaiari tiraka eta
Hutsari kolpeka.
Argitu ezak kopeta
penak heuretzat gordeta
goizero sortuz bizitza ere
hortxe zegok eta. (bis)
4.- Mundua ez da beti jai,
inoiz tristea ere bai,
baina badira mila motibo
kantatzeko alai.
Bestela datozen penei
ez diet surik bota nahi,
ni hiltzen naizen gauean behintzat
egizue lo lasai. (bis)