Nafarroa, arragoa, argiaren pausaleku 
haizearen ibiltoki zabal, hesirik gabea, 
Nafarroa, arragoa, sua eta ura, 
kondaira urratu baten oihartzun oihukatua, 
amets bat baino gehiago, 
ez oparotasun osoa, 
nahiaren eta ezinaren 
borroka toki ekaitzez betea. (bis) 
Nafarroa, arragoa, mahats eta gari, 
maitasun eta gorroto, gezur eta egia gurea, 
Nafarroa, arragoa, 
lur beroen sabel emankorra 
eta goiko mendi hotzen 
mendetako loa. (bis) 
Nafarroa, Nafarroa, zuhur eta eroa, 
lurrik maitatuena, hormarik gabe utzitako etxea, 
erreka gardenen negarrez 
ibai lodietara 
isurtzen ari den 
odol bustikorraren iturri bizia. 
Nafarroa, arragoa, izen bat eta oinarri 
eta oinaze, eta bidean zure bila ibiltzea, 
pinudiek usaintzen dituzten 
harrixigorrezko bidetan gora. 
O Nafarroa, 
Nafarroa betikoa (bis)