Pasaiako herritik dator notizia
zezen bat izan dala jenioz bizia
kontatutzera nua bistan ikusia
alegratzeko triste dagoen guztia.
Santiago eguna Pasaian seinale
ailegatu eztana egin beza galde
hasieran jendia zezenaren alde
azkenean etziran arrimatu zale.
Gure Pasaia beti sonatua dago
errapin gabe ezta urte bat igaro
hurrengoan jarriko dituztela nago
barrera hestuago edo zezena handiago.
Torilotik atera zuten lehendabizi
behi zar bat gidaria bandera ta guzti
harrapatzen zuena porrokatzen hasi
azkenian kanpora plazatik ihesi.
Hiru komertziante plazatik kanpoan
pospolo ta barkilo labaina tratuan,
pareta egon arren hamar oin altuan
panparroi pasatu zen putzura saltuan.
Horiek horrela eta gehiago ere bai
lurrian ziraldoka egin zuten lasai
ezkonberriak eta zenbait dama galai
zezenaren mendian etzuten jarri nahi.
Plazatik itsasora salta da igeri
adarrak besterikan ez zuen ageri
bakerua begira bere zezenari
eseri ta jan ditu hiru libra ogi.