Sorlekua utziz geroz
Ondikotz, hala bearrez,
Yanko ona urrikalduz
Betiko nere nigarrez
Primadera hasi orduko
Arbolak estaltzen lorez,
Xoritto bat heldu da beti
Nere erritik egalez.
Neregana hain urrundik
Etortzean unatua,
Arbolarik urbillena
Du bere pausa lekua.
Aldazka goren-gorenan
Orra non den lokhartua:
Lumapean zango bat eta
Hegalpean du burua.
Pausa adi! lo egizak,
xori maitea bakean;
Atzarriak hi hire zain
Hemen nauk hire aldean.
Ur-xortakin huna hemen
Papurrak leio-gainean;
Bainan gero hango berriez
Oroit adi atzartzean.
Orhoit adi, bai, xoria,
Herri maiteko berriez.
Nere aita, nere ama,
Nigarretan nik utziez.
Mintza akit ahaidez eta,
Mintza lagun on ekiez:
Mintza nehor antzi gabe
Maite ninduten guziez.
Atzar adi, atzar bada,
berriketari habila;
Nere beldur izan gabe
Yauts adi urbil-urbila.
Erran, lehiora izan haizen,
Erradak isil-isila,
Izan ere hunatekoan
Solas-ordainaren bila.
Xoria, lo agolarik,
Ikaran nagok aidean;
Ez al da zorigaitzarik
Maite nautenen artean.
Hala balitz, othoi xori,
Berriz herrirat heltzean,
Loretto bat nigar batekin
Pausa zak tinba gainean.
Yainkoaren ontasunak
Ez au ahantzi xoria
Non nai kausitzen duk
Aise ire janaria.
Zer behar duk? Ur xortatto bat
Bihitto bat edo bia,
Ordainez duk alegeratzen
Kantaz hik oihan guzia.
Xorittoa yoan denean
Hostoen eror denboran
Berriz ethor ez dadien
Nago beldurrez ikharan.
Ihiztaria, hartzen baiduk
Ene xoria segadan,
Utzak, othoi, gaxoa libro
Berriak ekhar detzadan.